ZUTIK EMAKUMEAK, HAUTSI ZURE KATEAK

2011-01-11

GORA EMAKUMEON BORROKA!

Nola liteke maite duguna
hainbeste sufriarazi?
Bortxakeria, mehatxu, irain
eraso eta garraxi
Beldur guztien gainetik bada
zer egin eta nondik hasi
Gora emakume borroka, gora!
Bildu eta irabazi!
Bizitza galdu dutenengatik
nola eztugu ikasi?
Hobeto dela zutik hiltzea
ta ez belauniko bizi.
                 Izar Mendiguren (Laudio, 1988)


2011-01-10

HEZKIDETZA LANTZEN

Aurreko sarreraren harira, hezkuntza hezkidetzaile baten alde egiteko gida bat aurkeztu nahi dizuet, bilgune feministak duela urte batzuk argitaratutakoa.Bertan bilgunek eginiko minimoen taula bat ageri da non hezkuntzaren inguruko diagnostiko bat egiten duten eta sexu bereizketa gainditzeko bidean irizpide zehatzak ematen dituzten. Halaber, emakumearen papera hezkuntzan zein den azaltzen dute, parekidetasun funtzioak aipatzen dituzte, hezkidetzaren kontzeptua argitzen dute, eta azkenik, gidaren erabilera azaltzen dute. Hona hemen ba, gure buruak astintzeko eta lanean hasteko abiapuntua! Hezkidetza Gidaren Aurkezpena
View more presentations from madotxu.

2011-01-09

HEZKIDETZA. BA AL DAKIGU ZERTAZ ARI GAREN?

Hezkidetza askotan erabiltzen den terminoa da, parekidetasun eta berdintasun hitzekin batera. Baina gehienetan eta gehienen ahotan, edukirik gabeko hitzak dira.
Gure gizartearen gehiengoa berdintasunaren alde dagoela dio, eta hezkuntza horren alde egiteko tresna eraginkorra izan daitekeela, baina hezkidetzari buruz hitz egiten hasterakoan, gehiengo hori ere, galdu egiten da.
Nire ustez, oso garrantzitsua eta ezinbestekoa da, gizarte hezitzaile garen heinean, eta gure lana kolektibo baztertuak zein gizartea orokorrean heztea den heinean, hezkidetza zer den jakin, horretan sakondu eta gure lana parekidetasunean burutzeko tresna eta baliabideak eskuratu eta urratsak ezartzea.
Hona hemen magisteritzako ikasle biri egindako elkarrizketa motza:
- Zer da hezkidetza?
- Uste duzu egungo hezkuntza sisteman eredu hezkidetzaile bat bermatzen dela?
- Gizarteak, orokorrean, ezagutzen duen kontzeptua dela uste al duzu?
- Ze pauso bururatzen zaizkizu hezkuntza forma guztietan eredu hezkidetzaile bat sortzeko bidean?

Ane, haur hezkuntzako magisteritza eskolako ikaslea, 21 urte:


Iñaki, magisteritza musikaleko ikaslea, 24 urte:

2010-12-30

EMAKUMEA ETA KRISIA

Sistemaren krisia aztergai. Emakumeok, ahaztuenak, kaltetuenak. Emakumeok beti egon gara krisian.
Blog-ean zehar behin baino gehiagotan aipatu bezala, emakumeok sistema kapitalista patriarkalaren zapalkuntza estrukturala pairatzen dugu. Estrukturala dela diogu, patriarkatuak gure bizitzako eremu guztietan eragiten baitu (ideologia, politika, ekonomia). Patriarkatua kapitalismoaren zutabeetako bat da.
Sistema kapitalista aztertzen badugu, beraz, hiru elementu dira kontuan hartu behar ditugunak: bere izaera patriarkala, lanaren banaketa sexuala eta eremu pribatutik deribatutako ekonomia murgildua.

2010-12-27

MULTIMEDIA

Oraingo honetan, Hector Lorenzo, Zuriñe Goikoetxea eta hirurok egindako multimedia bat erakustea gustatuko litzaidake.
Ijitoen komunitatearen inguruko multimedia da,non hasteko, ijito komunitatearen historia laburra kontatzen dugun eta jarraian, hezkuntza, lanean edota kalean bertan gertatzen diren egoera diskriminatzaileak azaltzen ditugun.
Oso gauza topikoak ageri dira, eta hala egin nahi izan dugu, uste baitugu nahiz eta "topikazoak" izan eta egun horiek gainditu ditugula pentsatu, askok eta askok ijitoen inguruko ideia hori izaten jarraitzen dutela. Gustatzea espero dugu!

2010-12-25

KAIOLA HOTZA

Aurreko sarreraren batean tortura sexistaz aritu naiz, baina kartzela eta emakumea oraindik komentatu ez dudan errealitatea da.
Hau komentatzeko, elkarrizketa txiki baina interesgarri bat aurkitu dut eitb irratiko web gunean: "Larratxoko emakumeak,kartzelako emakumeei laguntzen".
2011ean bi hamarkada beteko dira Donostiako Larratxo auzoko dozena erdi bat emakumek Martuteneko kartzelako hesia pasa eta bertan zeuden emakumezko presoak laguntzea erabaki zutenetik.
Gizarte hezitzaile bezala, emakumearen gaia asko gustatzen zaidan esparrua da, eta emakumeak kartzelan duen egoera eta harekin egiten den tratamendu eta esku-hartze espezifikoa jorratzea are interesgarriagoa iruditzen zaidan eremua da. Horrela, urteak pasata elkarte(hegaldi elkartea)bilakatu ziren emakume hauekin lan egitea eta beren programa ezberdinetan parte hartzea gustatuko litzaidakeen gauza bat dela uste dut.

2010-12-24

ZINE FEMINISTA

Hona hemen, orain arte aipatu ere egin ez dudan eta nire gaiari loturik dagoen oso gai garrantzitsua: Zine feminista.
Egia esan, emakumearen inguruan hitz egiten dugunean, beti datorkigu burura, indarkeria, publizitate sexista, hezkidetza...betiko gaiak dira, ez horregatik garrantzi gutxiagokoak. Baina, uste dut, askotan telebistan eta zinemetan ikusten ditugun serie edo pelikuletan, ez dugula horren inguruko hausnarketarik egiten, ez ditugu sexismoari loturiko egoera ezberdinak identifikatzen.
Gainera, telebistak edo zinemak eskaintzen diguten produkzio handiak ikustera mugatzen gara, gure kabuz sistema kapitalista eta patriarkalak kutsatu ez duen edo gutxiago kutsatu duen ezer bilatu gabe. Horregatik, blog edo bitakora honetan eskainitako pelikula edo dokumental independenteak, gure burua iraultzeko oso interesgarriak izan daitezkeela uste dut. Animatu, taldean ikusi eta eztabaidatu!

2010-12-23

TUTORIALA

Hector Lorenzok eta biok egindako tutoriala da oraingo honetan eskaini nahi dizuedana.
Emakumearen gaiarekin zerikusirik ez izan arren, zuentzako askorentzat baliagarria izan daitekeela uste dut, niri ere baliagarria suertatu zaidan bezala.
Bertan, ordenagailuan agertzen den edozein pantaila nola inprimatu eta paint bezalako programa baten nola manipulatu daitekeen azaltzen dugu.

2010-12-22

PICASA

 Oraingo honetan emakumearen gaiarekin loturiko argazki bilduma bat aurkeztu nahi dizuet, nire picasa web gunean.
Bertan, bi album topatuko dituzue, bata blogera igotako argazki guztiak biltzen dituena, eta bestea, nik neuk aukeratutako argazki ezberdinak barne hartzen dituena: emakumeon mobilizazio ezberdinak, genero indarkeriarenak, tortura sexistarenak, publizitate sexistarenak e.a. Egunez egun eguneratzen joango naizen gunea da, aurkitzen ditudan argazki adierazgarriak txertatuz, beraz, egon adi! Zuen gustuko izatea espero dut!
Argazkiak

2010-12-21

PROSTITUZIOA

Nire blogarekin zerikusia duten bitakora asko topatu ahal zian ditut, eta horien artean, lagun bezala hartu dudan gelakide batena, prostituzioaren gaia lantzen duena.
Bertan, haurren bortxakeria, emakumeen eskubideak edota emakumea eta gizarte psikologia bezalako gaiak lantzen dira, eta prostituzio bezalako gai polemiko baten inguruko ikuspuntu ebzerdinak jorratzen dira, bakoitzaren hausnarketa propiorako baliagarriak.
Hemen sartuko genituzke prostituzioaren abolizioa, tolerantzia edo lan-baldintza duinen alde dauden ikuspegi ezberdinak. Debekatu edo arautu?

2010-12-17

AUTODEFENTSA FEMINISTA

Emakumeen kontrako indarkeriaz ari garenean, blog-ean zehar aipatu izan dudan bezala, egunero eremu ezberdinetan jasaten ditugun erasoez ari gara, sotilagoez, nabarmenagoez, arin edo larriagoez. Eta indarkeri kasu hauek aztertuz gero, beti dugu biktima bat (erasoa jasotzen duena), erasotzaile bat eta nola ez salbatzaile bat (biktimari erasotik ateratzen laguntzen diona). Hiruko harreman hau hautsi eta erasoa jaso duenak defendatzeko duen gaitasuna, energiaz, eta indarraz hitz egiten hastea litzateke autodefentsa feministaz aritzea.
Gure bizitzetan beldurra eta sumisioa barruraino sartuta ditugu askotan eta egoera honen kontzientzia hartzea eta eraso ezberdinak identifikatzen jakiteak gure burua defendatzen laguntzen digu.

2010-12-16

TORTURA SEXISTA

Euskal Herriko emakumeak, munduko beste emakume asko bezala, tortura latzenen biktima gara edo izatera iritsi gaitezke, sexismo eta konnotazio sexistaz beteriko tortura konkretu baten biktima.
Metodo krudelenak erabiltzen dituzte herri oso bat umiliatu eta menperatzeko. Emakume atxilotuak eta kartzelaratuak euren gorputzetan sufritzen dute ez bakarrik euskaldunen aurkako gorrotoa, baita biolentzia sexista ere, bere muturrik bortitzenetan: ukimenak, bortxaketa saiakerak eta praktikak, erasoak, mehatxuak, xantaiak, kolpeak, biluzteak.
Emakume abertzaleak zapalkuntza bikoitza sufritzen dute komisarietan, kartzela espainiar eta frantsesetan, gure herriaren askatasun bidean borrokatzeagatik eta emakume izateagatik.
Erabilitako metodoak ezberdinak dira gizon eta emakumeen artean, eta horren jakitun hala erabiltzen dituzte, modu horretan gure intimitatea eta integritatea iraintzeko. Demokratikoa deritzoten gizarte honetan tortura existitu egiten da, diktadura bortitzenetan existitu den bezala, eta horren baitan, emakumeei zuzendutako tortura sexista ere existitzen da.
Baina zer egiten dute honen aurrean gure segurtasuna bermatu beharko luketen guzti horiek? Emakumearen aurkako tratu txarren inguruan eta berdintasunaren inguruan hitz egiten ahoa betetzen zaien instituzioek?  Tortura hori ixilarazi, ukatu eta bermatzen dute.

2010-12-15

HEZKUNTZA ETA TEKNOLOGIA BERRIAK

Hezkuntza eta teknologia berriak, ezinbestean gogoetarako bidea eskaintzen duen gaia da. Horrela, Alejandro Martinez Gonzalez-ek idatzitako artikulu baten harira, gizarte hezitzaile ikuspegi batetik izan behar dudan kritikotasunarekin, hausnarketarako bidea eman dit niri ere.

Teknologia berriak, ezagutza eremu saihestezina.

Oso testu interesgarria iruditzen zait, non egileak berak gogoeta bat egiten duen, eta ni guztiz ados nago berarekin. Komunikazio eta informazioaren teknologien eremu hau, lan egiteko eremu egokia eta ezinbestekoa dugu, eta horren kontzientzia lehenbailehen hartu behar dugu, lanean ere lehenbailehen hasteko; areagotu daitezkeen ezberdintasunak ekidituz.

2010-12-14

INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN GIZARTEAN BIZI GARA

Hemen unibertsitateko irakaslea eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan (IKT) aditua den Manuel Castells-i egindako elkarrizketa baten zati baten mapa kontzeptual bat aurkezten dizuet.
Mapa kontzeptual hau, Zuriñe Goikoetxea, Héctor Lorenzo eta hiruron artean egin dugu, eta gizarte hezitzaileok kolektibo baztertuenekin aurrera eraman behar dugun lanarekin zerikusi handia izateaz gain, ekarpen oso interesgarria egiten diola uste dugu.
Bideoan, Manuel Castells,munduko Citilab ezberdinen inguruan hitz egiten du, hots, berrikuntza sozial eta digitalerako sortutako formakuntza guneen inguruan, eta argudiatzen du nola zentro edo gune horiek, baztertuta dauden kolektiboak batu eta sufritzen duten bazterketa sozial eta politikotik irteteko ezinbesteko berme bat izan daitezkeen.

Izan ere, gaur egun, informazioaren eta komunikazioaren gizartean bizi gara, eta horretan murgiltzen ez dena baztertuta egongo da ezinbestean. Beraz, emakumeekin egin beharreko lana ere argia da. Arrazo ezberdinengatik arrisku egoeran dauden emakumeak, pertsona bezala deuseztatuak edota umiliatuak, Informazioaren eta Komunikazioaren teknologia eta gizartean murgildu behar ditugu, bere bazterketa sozial, politiko eta estrukturala gainditzeko bidean.

2010-12-09

WEBQUEST

 Hemen historia luzean zehar fisika eta kimikaren arloan mundu osoan aritu diren emakumeen inguruko informazioa azaltzen duen webquest bat aurkeztu nahi izan dizuet.

Orain arte blog-ean zehar aipatu ez dudan gaia da eta oso interesgarria iruditzen zait, izan ere, ikastolan eta institutuan bai politikari dagokion historia, bai zientziei dagokiona ere ikasten dugunean, gizon garrantzitsuak egin dituzten gauza garrantzitsuak bakarrik ikasten ditugu. Modu honetan, emakumeak existitu ere ez direla egin sinestarazten digute, eta hori ez da egia. Jakin behar dugu emakume asko existitu direla historian zehar, eta eskola, institutu eta unibertsitateetan erakusten diguten errealitatea ez dugu beti horrela dela pentsatu behar, kritikotasunez jokatu eta gure kabuz informatu eta ikasi behar dugu. Hau da, beraz, horretan hasteko informazio interesgarri bat.

BIDEOAK IKUSGAI

Emakumearen gaiarekin loturiko bideo zerrenda bat eskaintzen dizuet hemen. Bertan, eremu ezberdinak jorratzen dituzten bideoak aurki daitezke, hala nola, genero indarkeria, sexualitatea, publizitate sexista, emakume etorkinak, feminismoa e.a.
Bideo sorta interesgarria iruditzen zait, izan ere, pentsatzera bultzatu gaitzaketen ideiak dira, bisualak eta adierazgarriak, eta gainera, blog-ean zehar idatziz edota beste modu batean adierazi ezin ditudan gauzak agertzen dira.

Esan beharra dut, bideo gehienak gazteleraz daudela,euskaraz material gutxiago eta eskasagoa baitago, baina hala ere, euskaraz dauden bideo esanguratsuak ere aurkitu ahal izan ditut, nahiz eta kopuru txikiagoan, noski.

2010-12-06

AHOTIK AT. EMAKUME ETA GAZTE

Emakume izate hutsagatik zapalketa argi bat jasaten dugu, gizarteak eta bizi dugun sistema ptariarkalak eraiki duen genero sistema dela eta. Horrela gure harremanak botere harreman sendoetan eraikiak dira. Halaber, gazte izateagatik ere problematika bereizi bat dugu eta problematika horren harira, zapalketa argia, gazte izate hutsagatik. Modu honetan, emakume eta gazteak garen horiek, zapalketa bikoitz batean aurrean aurkitzen gara, dudarik gabe.

Ahotik At aldizkariaren 7.ale honek, zapalketa bikoitz horren islapen argia erakusten digu, betiere emakume eta gazte perspektibatik oso interesgarriak diren zenbait artikulu azaltzen direlarik,horien artean:

- "Autodefentsa: Beldur soziala eraiki da emakumeon gainean eta beldur hau gizonen onurarako izan da; horrela kontrolpean mantentzen gaituzte.

- "Prekarietatearen feminizazioa: emakumea+gaztea=pobrezia

- "Emakume gazteak eta emantzipazioa

- "Nola bermatu emakume guztiok gure sexualitate eta ugaltze gaitasunaren gainean erabakitzeko dugun eskubidea?"

2010-12-05

AZAROAK 25

Aurten ere azaroak 25 ospatu dugu, Emakumearen kontrako indarkeriaren aurkako eguna, alegia. Euskal Herriko hiriburu guztietan zein munduko beste zenbait txokotan ere mobilizazio ugari egon ziren, eta emakumeok ozen eman genituen aditzera gure aldarri guztiak.
Gasteizen esaterako, mugimendu feministak, azken hileetako berrien ostean (emakume erahilak, torturatuak, emakume desagertu bat, guner publikoetan agresioak...) gasteiztarrei emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan aurrera pauso bat ematea eskatu genien.

Hezkuntzan lan egiten dutenei, emakume eta gizonen arteko botere harremanei aurre egitea exigitu genien hezkuntza hezkidetzaile bat garatu ahal izateko.
Instituzio publikoei eta partidu politikoei, hitzetatik ekintzetara pasatzea eta diskurtsoek arriskuan dauden emakumeengan nolabaiteko eragina izatea eskatu genien.
Komunikabideei, emakumeen kontrako indarkeriaren gaia ikuspuntu estruktural eta politiko batetik lantzea exigitu genien.
Justiziari, emakumeen kontrako indarkeriak eskatzen dituen neurriak modu azkar eta efektibo batean diseinatu eta kudeatzea.
Herritarrei, hausnarketa eta autokritika bat burutzea eta bere espazio naturaletan eragitea eskatu genien, botere harremanetan ez eta berdintasunean eraikiko den gizarte justuago baten alde lan egiteko.
Emakumeok, gu gara erasoekin amaitu nahi dugun lehenak, eta guk daukagu gaitasun eta indar nahikoa horiei aurre egiteko. Beraz batu gaitezen, eta borrokan aurrera!!

2010-12-03

"El Chojin" abeslariaren kanta batek eraman nau bideo labur baina bizi hau hemen jartzera. "El final del cuento de hadas" du izena abestiak eta bikote gazte baten bilakaera laburtzen du; nola hasiera baten ezagutu eta maite diren, gerora gizonaren partez tratu txarrak hasten diren eta emakumeak haurrarekin bizitza berregin duenean, gizonak hil egiten duen. Bideoan emakume bat eta iluntasun handia ikusten dira, emakumearen aurpegiaren espresioak dena eta ezer ez esaten duelarik. Adi!!

GENERO INDARKERIA ZIFRATAN

Ondorengo bi taula hauetan azken hamarkadan Euskal Autonomia Erkidegoan eta Estatu Espainolean indarkeria jasotzeagatik emakumeek egindako salaketak (1. taula) eta gizonezkoek hildako emakumeen datuak (2. taula) ikus daitezke:

URTEA EAE ESTATU ESPAINOLA
1999 580 21.782
2001 888 24.163
2003 2.379 50.000
2008 3.148 142.125


URTEA EAE ESTATU ESPAINOLA
1999 3 42
2000 2 44
2001 2 72
2002 1 54
2003 3 71
2005 3 60
2006 4 84
2008 6 75

1. taulako datuei dagokionez, esan beharra dago, salaketak ez dutela errealitatea islatzen, indarkeria jasotako emakumeen artean %5ak edo 10-ak soilik salatzen baitute. Bestetik, emakume askok behin salaketa egin ostean, atzera egiten dute. Beraz, auzi honek, datuetan ikus daitekeen baina hedadura handiagoa du.

2.taulari dagokionez, esan dezakegu zenbait urtetan emakume erahildako kopurua igo ostean, 2008an zifrarik baxuena suertatu zaigula. Datu positibotzat hartu behar badugu ere, ez da pozik egoteko modukoa; gure xedea genero indarkeriarekin guztiz amaitzea izan behar baitu, sistema patriarkala errotik suntsituz lortuko duguna.Izan ere, familian eta jendartean (eremu pribatu zein publikoan) ematen den indarkeria onartua izaten segitzen badu, emakume askok indarkeria hori sufritzen jarraituko dute, eta horrek, ziurtasun falta, beldurra eta heriotza ekarriko dio.

ESKU-HARTZEA

Tratu txarren adierazleak eta hauek jasotzen dituzten emakumeekin esku-hartzea nola egin behar den azaltzen dut aurkezpen txiki honetan. Indarkeriaren gaiaren barruan, aproposa iruditzen zait, gizarte hezitzaileon ikuspegitik batez ere, indarkeria hori edozein modutan jasaten duten emakumeekin nola jokatu beharko genukeen ulertzen saiatzeko bide baita. Aldi berean, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeen seme-alabekin eta baita tratu txar horiek burutzen dituzten gizonezkoekin zer gertatzen den eta nola jokatu dezakegun azaltzen saiatzen naiz.Interesgarria izan daitekeelakoan, gizarte integrazioko zikloan egindako aurkezpen xume hau erakusten dizuet:
Aurkezpena emakumeak
View more presentations from 12345673075.

2010-12-02

ZERGATIK EMATEN DA EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA?

Emakumeen kontrako indarkeria agertzen da gizon eta emakumeen arteko elkar harremanak desberdintasunean oinarritzen direnean. Bi generoak ez dira parekoak, bata bestearen gainetik agertzen da, gizona emakumearen gainetik,hain zuzen ere.

Jendarteratze prozesuaren bidez, gizakiok taldean bizitzeko arauak eta portaerak ikasten ditugu eta prozesua batez ere bi esparrutan osatzen dugu: familia eta eskola. Beste eragile batzuk izan daitezke: instituzio politikoak, erlijiosoak edota administratiboak eta gure lan ingurua. Eragile hauekin guztiekin, jendarteak desberdin presionatzen ditu emakumeak eta gizonezkoak modu ezberdinean pentsa eta bizi dezaten: genero jendarteratzea. Genero bakoitzak bere rol sexual "egokia" izango du eta horri eutsi beharko dio, bestela, historian zehar ikasitako arauak hautsiko genituzke, honen ondorioz errudun, beldurturik edota desorekaturik sentituko ginateke, talde onarpenik gabe.

2010-11-21

GENEROAREN ERAIKUNTZA

Generoa eraiki egin da? Norbaitek pentsatuko du zerbait naturala dela, berezkoa. Emakumeok emakume jaiotzen garela eta gizonak gizon. Baina ez al gara ba eme eta ar jaiotzen?

Generoa eraiki egiten da bai, sexuaz jaio egiten baikara. Baina zeri erantzuten dio generoak?

Generoan oinarritzea gizartea antolatzeko modu bat da, izan ere, sistema patriarkalaren egitura ahalguztiduna dugu hau, zapalketan eta injustizian oinarritua.

Gizarte harremanak eta produkzio harremanak elkarren eskutik datozen bezala, generoan oinarritutako harremanak, giza eta produkzio harremanak lotzen ditu zeharka.

Menpekotasunean oinarritutako hierarkia sistema honen gakoetariko bat da genero bereizketarena.

Hala ere, gizartea eta honen harremanak antolatzeko modu bakarra dela uste badugu, edo hori esaten badigute ere, egongo dira ba beste hamaika modu, ez?

Emakumeok esnatu, horri guztiari buruz hausnartu eta kontzientzia hartu eta lanari ekin behar diogu beraz, arazoa (sistema) errotik aldatu eta jasaten dugun zapalketa hori desagertaraziz.

Hona hemen borrokan hasteko olerki polit bat:



Zutik, emakumeak Hautsi gure kateak Zutik, zutik, zutik Historia gabe, emazte Denetan ahantziak Mende guzietan, emazte mundutik baztertuak Zutik emakumeak Hautsi gure kateak Zutik, zutik, zutik Apaldu eta zapalduak Saldu ta bortxatuak Etxe guzietan, emazte Mundutik baztertuak Zutik, emakumeak Hautsi gure kateak Zutik, zutik, zutik Bakardadean, emazte Elgar ezagutu gabe Berexi gaituzte, emazte Ahizpak izanik ere Zutik, emakumeak Hautsi gure kateak Zutik, zutik, zutik Emazteen haserre oihua Munduan entzunen da Indarra dugu emazte Milaka bil gaitezen Zutik, emakumeak Hautsi gure kateak Zutik, zutik, zutik Elgar ezagutuz, emazte Elgarri so ta mintzo Bil gaitezen denak, emazte Batera oldar gaiten Zutik, emakumeak Hautsi gure kateak Zutik, zutik, zutik Elkarrekin emakume Zapalketa garaitu Egun guziz armetan gaude Gora gure iraultza Ez gira esklaboak Ez dugu kadenarik Dantza dezagun dantza