ZUTIK EMAKUMEAK, HAUTSI ZURE KATEAK

2010-12-02

ZERGATIK EMATEN DA EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA?

Emakumeen kontrako indarkeria agertzen da gizon eta emakumeen arteko elkar harremanak desberdintasunean oinarritzen direnean. Bi generoak ez dira parekoak, bata bestearen gainetik agertzen da, gizona emakumearen gainetik,hain zuzen ere.

Jendarteratze prozesuaren bidez, gizakiok taldean bizitzeko arauak eta portaerak ikasten ditugu eta prozesua batez ere bi esparrutan osatzen dugu: familia eta eskola. Beste eragile batzuk izan daitezke: instituzio politikoak, erlijiosoak edota administratiboak eta gure lan ingurua. Eragile hauekin guztiekin, jendarteak desberdin presionatzen ditu emakumeak eta gizonezkoak modu ezberdinean pentsa eta bizi dezaten: genero jendarteratzea. Genero bakoitzak bere rol sexual "egokia" izango du eta horri eutsi beharko dio, bestela, historian zehar ikasitako arauak hautsiko genituzke, honen ondorioz errudun, beldurturik edota desorekaturik sentituko ginateke, talde onarpenik gabe.