Emakumeen kontrako indarkeriaz ari garenean, blog-ean zehar aipatu izan dudan bezala, egunero eremu ezberdinetan jasaten ditugun erasoez ari gara, sotilagoez, nabarmenagoez, arin edo larriagoez. Eta indarkeri kasu hauek aztertuz gero, beti dugu biktima bat (erasoa jasotzen duena), erasotzaile bat eta nola ez salbatzaile bat (biktimari erasotik ateratzen laguntzen diona). Hiruko harreman hau hautsi eta erasoa jaso duenak defendatzeko duen gaitasuna, energiaz, eta indarraz hitz egiten hastea litzateke autodefentsa feministaz aritzea.
Gure bizitzetan beldurra eta sumisioa barruraino sartuta ditugu askotan eta egoera honen kontzientzia hartzea eta eraso ezberdinak identifikatzen jakiteak gure burua defendatzen laguntzen digu.
Autodefentsa feminista, defentsa pertsonalerako teknika multzoa bezala ulertu izan da, baina askoz haratago doa bere ulermena. Indarkeriaren erroetara jo eta berarekin amaitzeko beharrezko den jokabide, jarrera eta tresna multzoa litzateke. Autodefentsaren bidez aurrera egin dezakegu, gure autoestima indartu egiten da eta jendartean ezarrita dauden genero rolen inguruko kontzientzia hartzea edota esnatzea suposatzen du.
Emakume askeak eta autonomoak izan nahi dugu, gure buruaren jabe. Gure buruengan dugun ziurtasuna handituz eta gure gaitasunean sinistuz. Norberaren etorkizunaren, gorputzaren edota bizitza beraren jabe garela sentitu nahi dugu. Gure burua maitatzea, errespetatzea eta jendeari behar denean limiteak jartzen jakiteak eramango gaitu autonomiaz defendatzera. Jarrera matxistak identifikatu eta hauei uko egiteko gai gara eta garapen horretan aritzea autodefentsa egitea da. Gaitasun horrek, ordea, lanketa eta prestaketa eskatzen du, baita emakumeen artean hitz egin eta elkarrekin harremanetan jartzea ere.
Kontua ez da eraso baten aurrean defendatzeko gai izan ez bagara gu gaizki sentitzea, baizik eta hurrengo eraso batzuetarako prestatzen joatea eta guregan dagoen defendatzeko gaitasunean trebatzea.
Indarkeriaren aurrean prebenitu, babestu eta erantzuteko gai izan nahi dugu. Beldurra onartzeak, haserrea askatzen du eta ekintzetara pasatzeko prestatzen gaitu.
Autodefentsa feministak, ordea, ez du zentzurik emakumeen arteko babesik gabe. Jendarte honetan emakume gisa dugun kontzientzia indibidual eta kolektibotik abiatuta, indibidualismoa gainditu eta harremantzeko modu gisa, emakumeen arteko elkartasuna eraiki behar dugu. Erresistentzia eraginkorra ziurtatuko diguten formulak behar ditugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario