ZUTIK EMAKUMEAK, HAUTSI ZURE KATEAK

2010-12-02

ZERGATIK EMATEN DA EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA?

Emakumeen kontrako indarkeria agertzen da gizon eta emakumeen arteko elkar harremanak desberdintasunean oinarritzen direnean. Bi generoak ez dira parekoak, bata bestearen gainetik agertzen da, gizona emakumearen gainetik,hain zuzen ere.

Jendarteratze prozesuaren bidez, gizakiok taldean bizitzeko arauak eta portaerak ikasten ditugu eta prozesua batez ere bi esparrutan osatzen dugu: familia eta eskola. Beste eragile batzuk izan daitezke: instituzio politikoak, erlijiosoak edota administratiboak eta gure lan ingurua. Eragile hauekin guztiekin, jendarteak desberdin presionatzen ditu emakumeak eta gizonezkoak modu ezberdinean pentsa eta bizi dezaten: genero jendarteratzea. Genero bakoitzak bere rol sexual "egokia" izango du eta horri eutsi beharko dio, bestela, historian zehar ikasitako arauak hautsiko genituzke, honen ondorioz errudun, beldurturik edota desorekaturik sentituko ginateke, talde onarpenik gabe.
Kulturalki, indarkeria gizon identitatean eman ohi da. Ume direlarik, mutilek oldarkortasunez erantzuten ohitzen dira eta garrantzizkoa bihurtzen da irabaztea, borrokatzea, lehiatzea, inposatzea... Neskak, ordea, ohitzen dira elkartasunean, ardurak hartzen, etsitzen... Azken hauek ez dira boterean egoteko ezta arrakastatsua izateko jendarteak eskatzen dituen baloreak, sozialki beraz, mutilek ikasitako baloreei neskek ikasitakoei baino balio handiagoa ematen zaie.

Gizonezkoek esparru publikoa kontrolatu ohi dute, baina esparru pribatuan ere beraien boterea ezarri ohi dute. Botere honek, ez-parekotasunean oinarritutako sistema sortu du; sistema patriarkala. Sistema honetan murgilduak izan garenez, gizonezkoek eta emakumezkoek gizarte antolakuntzan giza rol ezberdinak garatu dituzte, desberdintasunean oinarritutakoak. Horregatik, emakumeak beraien bizitzeko esparrua etxeko arloan edo familia arloan egitera mugatuak izan dira.

Bizitza ulertzeko modu hau kolokan dabil azken urteotan, emakumeak geroz eta gehiago bizitzako beste esparrutan murgiltzen hasi dira, familiako eta etxeko esparruak gaindituz. Hala ere, ez dugu pentsatu behar arazoa gaindituta dagoenik, izan ere, sistema patriarkalean jarraitzen dugu, eta hori errotik suntsitu arte ez dugu lortuko berdintasunezko gizarte batean bizitzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario