Euskal Herriko emakumeak, munduko beste emakume asko bezala, tortura latzenen biktima gara edo izatera iritsi gaitezke, sexismo eta konnotazio sexistaz beteriko tortura konkretu baten biktima.
Metodo krudelenak erabiltzen dituzte herri oso bat umiliatu eta menperatzeko. Emakume atxilotuak eta kartzelaratuak euren gorputzetan sufritzen dute ez bakarrik euskaldunen aurkako gorrotoa, baita biolentzia sexista ere, bere muturrik bortitzenetan: ukimenak, bortxaketa saiakerak eta praktikak, erasoak, mehatxuak, xantaiak, kolpeak, biluzteak.
Emakume abertzaleak zapalkuntza bikoitza sufritzen dute komisarietan, kartzela espainiar eta frantsesetan, gure herriaren askatasun bidean borrokatzeagatik eta emakume izateagatik.
Erabilitako metodoak ezberdinak dira gizon eta emakumeen artean, eta horren jakitun hala erabiltzen dituzte, modu horretan gure intimitatea eta integritatea iraintzeko. Demokratikoa deritzoten gizarte honetan tortura existitu egiten da, diktadura bortitzenetan existitu den bezala, eta horren baitan, emakumeei zuzendutako tortura sexista ere existitzen da.
Baina zer egiten dute honen aurrean gure segurtasuna bermatu beharko luketen guzti horiek? Emakumearen aurkako tratu txarren inguruan eta berdintasunaren inguruan hitz egiten ahoa betetzen zaien instituzioek? Tortura hori ixilarazi, ukatu eta bermatzen dute.